euskadiko langile komisioak | 25 abril 2024.

Euskadiko Langile Komisioek emakumeei deitzen diete Greba orokorrari "berdintasunetik are gehiago urruntzen gaituen Lan Erreforma hau"

    Gizarteak emakumeei eman dien papera indartu baino ez da egingo, atzera botaz emakume eta gizonen berdintasuneranzko bidean lortu diren aurrerapenak.

    21/09/2010.

    CCOO Euskadiko Emakumearen Idazkaritzak deialdia luzatzen die EAEko emakumeen kolektibo eta elkarteei irailaren 29ko Greba Orokorraren deialdia babestu dezaten. Feli Piedra, sindikatuko arlo horretako arduradunak esan duen bezala, "emakumeok paper garrantzitsu eta aktiboa eduki behar dugu kalean, argi uzteko ez dugula onartzen lan merkatuko eta gizarteko aukera eta tratu berdintasunetik are gehiago urruntzen gaituen Lan Erreforma hau".

    Emakumeek lan munduan duten egoera txarrak okerrera egingo du laneko erreforma hau geldiarazten ez bada, lan erreforma honek kaleratzeak merkatu, aldi baterako lan kontratuak erraztu, hobariak eta laneko kostuak murriztu eta Ongizate Estatua erasoko duelako era guztietako mozketen bidez (osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak eta menpekotasuna...). Gizarteak emakumeei eman dien papera indartu baino ez da egingo, atzera botaz emakume eta gizonen berdintasuneranzko bidean lortu diren aurrerapenak.

    Emakume landunek eta baita ere langabetuek argi ikusiko dituzte zeintzuk diren laneko erreforma honen ondorioak, okerrera egingo baitute krisiaren aurretik lan munduan jasaten zituzten bidegabekeriek (prekarietate, aldi-batekotasun eta langabezi handiagoa, lanaldi partzial gehiago, soldaten arteko alde handiagoa eta babes sozial txikiagoa). Batik bat emakumeek jasango dituzte prestazio eta soldaten murrizketak (lehenagotik ere gizonenak baino txikiagoak zirenak), pentsio baxuagoak izango dituzte eta oro har eurek zaindu beharko dituzte menpekotasunak dituzten pertsonak.

    Aipatutako guztiagatik babestu behar da greba orokorra eta haren bitartez irmoki gaitzetsi laneko erreforma eta berekin ekarriko dituen neurriak, langile guztiak kaltetuko baititu baina emakumeak bereziki: batetik, gastu sozialen murrizketek lan erreproduktiboa handituko dutelako eta, bestetik, emakumeek lehendik ere jasaten duten laneko prekarietatea handitu egingo delako.