euskadiko langile komisioak | 19 abril 2024.

Fiskaltzaren esku dago Igeretxe Hoteleko nagusiak langile baten aurka gauzatutako lan-jazarpenaren kasua

    Egoera berean dauden beste hainbat langilek babestu dute harreragilearen salaketa. Erabakia hartzeko arrazoia izan da "enpresak sistematikoki uko egin diela Ikuskaritzaren zitazioei eta agertzeko errekerimenduei". Jazarpen salaketa horrez gain, Hoteleko langileek beste hainbat salaketa jarri dizkiote nagusiari soldatak behin eta berriro ez ordaintzeagatik.

    02/09/2010.

    Bizkaiko Lan Ikuskaritzak Fiskaltzaren esku utzi du Algortako Igeretxe Hoteleko langile batek etengabeko lan-jazarpena jasateagatik nagusiaren aurka jarri duen salaketa. Langileak hainbat hilabetez egon behar izan du bajan eta tratamendu psikologikoa jaso du, hoteleko beste langile batzuek bezala.

    Langilea hoteleko harreragilea da 2007tik eta joan den otsailean salaketa  jarri zuen Ikuskaritzan. Abuztuan, beraz, "ikusirik enpresak sistematikoki uko egin diela Ikuskaritzaren zitazioei eta agertzeko errekerimenduei eta ongi jakinik Zigor Kodean aurreikusitako hainbat delitu leporatu dakizkiokeela (Gizarte Segurantzari iruzur egitea kotizazioak ordaintzean edota bere zerbitzura dauden langileen oinarrizko eskubideak urratzea)", Ikuskaritzak Fiskaltzari helarazi dio kasua.

    Jazarpen kasu horrez gain, CCOOk azken hilabeteetan behin eta berriro salatu du Igeretxe Hotelak ez diela soldatarik ordaintzen langileei. Harreragilearen kasuan, salaketa jarri zuenean lau hilabeteko soldatak eta 2009ko aparteko ordainsari bat zeuzkan kobratzeko.