euskadiko langile komisioak | 15 junio 2026.

CCOO Irakaskuntzak premiazko neurriak eskatu ditu IES Uribe Kosta BHIko jazarpen-egoeren aurrean

    19/11/2025.
    Foto: Irekia

    Foto: Irekia

    Plentzian (Bizkaia) dagoen IES Uribe Kosta BHI-n irakasle bati egindako jazarpen kasuari buruz azken egunotan zabaldutako berrien harira, CCOO Irakaskuntzak honakoa adierazi nahi du:

    CCOOirakaskuntzak salatu egiten du hezkuntza-zentro batean jazarpen egoeren aurrean prebentzio-neurriak ez ezartzea, eta berriro eskatzen du arrisku psikosozialen ebaluazioa egitea. Sindikatuak bere kezka sakona adierazi nahi du, eta Administrazioak prebentzio-neurri egokirik ez hartzea salatzen du.

    Sindikatuko kideek gogorarazi dute 2025eko apirilean, hezkuntza komunitateko hainbat eragilek egindako jazarpen egoeren berri izan ondoren, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuari formalki eskatu ziotela aipatutako zentroan arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteko. Eskaera hori argi adierazten zuten hainbat zantzuren ondorioz egin zen, faktore psikosozial batzuk egon zitezkeelako irakasleen eta zentroko langileen ongizateari eta osasun laboralari eragiten.

    Horri gehitu behar zaio, akordioaren negoziazioaren esparruan, CCOO Irakaskuntzak ekarpen ugari egin zituela irakasle-langileen segurtasun eta osasun laboralarekin lotuta. Irakasleei zuzendutako jazarpen kasuetarako protokolo espezifikoak proposatu genituen. Hala ere, Departamentuak ez zien jaramonik egin proposamen horiei, sindikatuak premiazkoa dela uste duen arren. Azken ikerketa eta azterlanek erakusten dute gelako giroari buruzko adierazleetan tentsio egoerak, gatazkak eta irakasleekiko errespetu faltak gora egin dutela. Premiazkoa da proposatu ditugun neurriak berehala ezartzea.

    Helarazitako gertaeren larritasuna gorabehera, oraindik ez da egin eskatutako ebaluazioa. Arrisku psikosozialen ebaluazioa funtsezko tresna da arriskuak identifikatzeko, prebentzio-neurriak ezartzeko eta hezkuntza-ingurune segurua bermatzeko, bai langileentzat bai ikasleentzat.

    Azken egunetan ezagututako informazio berrien eta jazarpen modutzat har litezkeen jokabideen errepikapenaren aurrean, CCOO Irakaskuntzak premiaz eskatu du berriz ere Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak ebaluazio psikosozial hori egitea, eta berehala ezartzea babesteko, prebenitzeko eta kaltetutako pertsonei laguntzeko neurriak.

    CCOO Irakaskuntzak berresten du bere konpromisoa lan-osasuna defendatzeko, irakaskuntzako langileak babesteko eta eskola-giro segurua eta errespetuzkoa bermatzeko. Administrazioari eskatzen dio arduraz, azkartasunez eta gardentasunez jokatzeko.

    Azkenik, irmoki gaitzesten ditugu urriaren 31n IES Uribe Kosta BHIko irakasle baten etxebizitzaren inguruan gertatutakoak, eta jazarpen, indarkeria edo errespetu faltaren edozein forma, bai eskolako inguruan bai kanpoan. Era berean, gure babesa eta elkartasuna eskaini nahi dizkiogu kaltetutako irakasleari eta ikastetxeko langile guztiei, behar izan dezaketen orotan.