euskadiko langile komisioak | 21 diciembre 2024.

CCOO sindikatuak arauak betetzen ez dituzten eraikuntza enpresak salatuko ditu

    LOTU programa ez da heltzen lan guztietara eta krisialdiak egoera larritu du.

    17/11/2010.

    Zumarragako egoitzan prentsaurrekoa eman dute CCOO sindikatuko kideek eraikuntzaren sektorean egin duten azterketaren berri emateko. "Altueratik erortzearen ondorioz diren lan-istripuen kopuruak behera egin du, baina arauak ez dira behar bezala betetzen eta enpresen aldetik aldaketarik ez badago, salatu egingo ditugu" esan du Jesus Uzkudun CCOOko lan osasuneko arduradunak.

    Bi izan dira Urola Garaian egiten ari dituzten ikuskatutako hamaika lanetan atzeman dituzten arazo nagusiak. Azpikontratak atomizatu egin dira eta prebentzio eta segurtasun neurrien ardura sakabanatu egiten da. Bestalde, eraikuntza lan gehienak enpresa txikiek egiten ari dituzte egun, "enpresa hauek ez dituzte hainbeste baliabide prebentzioari dagokionez eta arrisku gehiago sor daitezke". Eusko Jaurlaritzak, enpresek eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako Lotu programaren ezagupenik ez dago enpresa hauen artean. Lotu programaren helburua da erorketek sortutako istripuak desagertaraztea "orain arte  lan-istripu gehienak erorketak ziren eta lortu dugu kopuruak jaistea, baina ez da nahikoa" esan du Uzkudunek.

    David Veliz arkitektoak ikuskatu ditu Urola Garaian egiten ari dituzten hamaika lanak eta arauak betetzerakoan hutsuneak ikusi ditu. "Eraikinen zaharberritzen ari dituzten hiru lan ikusi ditugu eta dokumentazio falta eta bizilagunek kontratatutako lehenengo enpresaren presentzia eza sumatu ditugu. Eraikuntza berrietan segurtasun arauak ez dira betetzen behar bezala".

    Uzkudunek amaitzeko esan du, "behin azterketa eginda, gizarteratu nahi dugu aurkitu dugun arazoa eta enpresei jakinarazi neurriak hartzen badituzte salaketa egin beharko dugula".