euskadiko langile komisioak | 28 marzo 2024.

Langile bi hil dira amiantoagatik, Osakidetzakoa bata eta Nervacerokoa bestea

    Gaixotasunaz gain, langileek azken unera arte jasan behar izan dituzte Mutualitateek eta enpresek martxan jarritako prozedura judizialak.

    11/05/2010.

    Gurutzeta Ospitaleko 62 urteko langile bat eta Nervacero enpresako 60 urteko beste bat hil dira amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz. Lehenaren kasuan, 36 urtez aritu zen mantenimendu lanetan iturgin modura, zuntz minbizi-eragileak berekin dakartzan arriskuei buruz inolako informaziorik jaso gabe. 2009an Pleurako Isuria eta Mesotelioma Mistoa diagnostikatu zizkioten. CCOOk Osalani eskatu zion ospitalean amiantoa zegoela ziurtatu zezala eta 2010ean igorritako txostenaren arabera BAI, amiantoa bazegoela eta patologia harekin lotuta zegoela jakinarazi zuten".

    Kasu horretan, amiantoaren eraginak jasan dituzten beste langile guztiekin gertatu bezala, Osakidetzak ez zuen adierazi bere langileak zeukan gaixotasuna profesionala izan zitekeen susmorik eta, beraz, ez zuen bete Osasun Sailak, Osakidetzako zuzendariak eta Osalanek 2007an sinatu zuten 1. jarraibidea. Laneko zentroak ere, kasu honetan Osasun Zentro Publikoak, ez zuen inolako prebentzio neurririk hartu hildako langilearen gaixotasun terminalaren garapena saihesteko. Nabarmendu beharrekoa da sindikatu honetako langileen ordezkariek laguntza eskaini ziotela eta beren lekukotzari eta lanari esker ospitalean amiantoa zegoela egiaztatu zela.

    Bigarren biktimak Nervacero enpresan egiten zuen lan 1973tik, CCOOren bitartez 2006an gaixotasun profesionalagatiko erabateko ezgaitasuna eman zitzaion arte. Garabian espezializatutako peoia zen eta operazio osagarrietan egin zuen lan labeen nabean (bobedak aldatu, estaldura operazioak, eraisketak, materialak prestatu eta mugitu, etab.), 2005ean gaixotasuna diagnostikatu zioten arte.

    Bien agonia hil-artekoa izan da eta, gainera,  prozedura judizialak jasan behar izan dituzte etengabe, bai lan istripu eta gaixotasun profesionalen mutualitateen aldetik eta baita ere enpresa erantzuleen aldetik. CCOOk orain arte bezala bakar-lanean jarraituko du eta erreferente izango da, kasuz kasu erreklamatuko baititu gaixotasun profesionalak eta horrela lortuko du gai hauetan erantzukizuna daukaten erakunde guztiek serio har dezatela laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioa. Erantzuleen artean sartzen ditu, besteak beste, Prebentzio Zerbitzuak, lan istripuetako eta gaixotasun profesionaletako Mutualitateak eta enpresak. Halaber ez du ahazten Osakidetzak eta Osasun Sailak eskumena dutela (gutxitan aplikatzen duten arren) gaixotasun profesionalen inguruko susmoak adierazteko.